domingo, 4 de diciembre de 2011

Yoga = Jabe

Yogak gorputz eta gogoaren jabe izatearekin du zer ikusi.

Nor bere buruaren jabe izatearekin.

Jabe izate horretara iristeko, Yogak meditazioa erabiliko du tresna.

Meditatzeko, bestalde, barne isiltasuna lortzea, ezin besteko.


Jabe, “llave”, klabe.

Artikulu hau idazterakoan, Karlfried Graf Dürckheim-ek “Zer.aren erdigunean” liburuan inspiratuta, berak egiten duenaren antzera egingo dut: zenbait gai edo klabe agertuko ditut, eta bakoitzaren inguruan hausnarketa egin.


Isiltasuna.

Isiltasuna Yoga-jabe estadu/egoeran jarriko gaituen meditazioaren atari da. Baserriko atari edo etartearen antzera. Isiltasun hori ez da mutua. Ez da inolaz ere, askotan entzun behar izan dugun bezala “mente en blanco” kontzeptua. Pentsa-gailuaren jarioa gelditzea ezinezkoa da, burutik gaixotzea litzateke. Pentsa-gailua gelditu ezkero lerdotu egiten da. Pentsatu bai, baina aldez aurretik jarritako pentsamentu jakin bat.


Otoitza.

Probokazioa da, gure baitan jabetzeko gai den hori esnarazteko deia edo, are gehiago, deiadarra. Otoitza tresna izango litzateke, bideragailu, gogoa iratzar erazte aldera bideratuko duena; asmoz beterik egiten den otoitzak iratzaraziko du nere baitan jabetzen den hau..


Meditazioak noiz hartuko prest.

Isiltasunean otoitz egin eta meditazioak hartuko gaitu, ala ez gaitu hartuko, baina gu hortxe, loarekin bezela, hartuak izateko prest.


Meditazioa: oinarrizko praktika. (20 min.)

0. Eseri, toki lasai batean eta begiak itxi.

  1. Postura: gorputza tinko eta aldi berean lasai. Jarrera fisikoa, atseginaren eta ahaleginaren tarteko oreka. Gorputzean zeharreko errepasoa egin: oinak lasaitu, belaunak ere, ipur-masailetako hezurrak (iskioiak) ondo pausatu, bizkarra zuzen, sorbaldak lasaitu, besoak eta eskuak ere. Burua zuzen; bekokia, begiak ahoa eta okotza lasaitu. (Postura errepasatzen, 2 min.)

  2. Arnasketa: sakon hartu ta astiro bota; sudurretik hartu, sudurretik bota. Sabela globo/puzgarri bat balitz bezala: bete eta bota; puztu eta hustu.

Arnasa ateratzen den bakoitzean gorputza sakonago, astunago pausatu, aldi berean bizkar hezurra zuzen mantenduz eta buru-tontorra altu. Zenbat eta tarte gehiago izan buru-tontorretik ipur-ttuntturrera, orduan eta energi gehiago sor araziko dugu, ur jauzietan bezela.

Bularraren erdi-erdian eguzki eder bat irudikatu. Ahuzpoarekin bezala, eguzki-su hori arnasa hartzean bizkortuz dihoala irudikatu; arnasa botatzean zabalduz, argitasuna, berotasuna eta indarra irradiatuz. (Arnasketan, 5 min.)

  1. Arreta: begirada bekain tartean jarri, bi begiak sudur puntarantz okertuz, eta aldi berean begietako tentsioa askatuz. Begietako “tala”tik begirada bekain-tarteko “hortzmugan” pausatzean, norberaren ikuspegi orokor bat lortzen dugu. Bekain-tarteko izpilu “retrobisore”an benetan nor naizen jakiteko aukera daukat; nigan aldatzen ez den hori, behingoz, ezagutzeko parada. Pentsamenduen pantaila garbitu eta bateria berkargatzeko momentua; sakon-sakoneko iturri gardenean murgildu eta asetzeko unea. (2 min. eta hortxe eutsi)

  2. Mantra: arreta mantendu eta energia norbere ardatzerantz bideratzeko, pentsamentu baten errepikapena. Sanskrito hizkuntzean izaten dira. Hemen proposatzen ditugunak:

- Hasiera batean: “Izan, naiz”. IZAN, arnasa hartzean; NAIZ, botatzean.

- Aurrerago: “Jabetzen den hau, hauxe naiz ni”.

JABETZEN DEN HAU, arnasa hartzean; HAUXE NAIZ NI, botatzean.

108 aldiz errepikatzen da, arreta osoa esanahiean jarriz. Kontua eramateko “mala” bat erabiltzen da, 108 bola dituen lepoko moduko bat; edo errosario batek 54 izaten dituenez, bi buelta emanez. (Mantra errepikatzen, 5 min.)

  1. Kolunpioa. Kolunpiatzen ari garela irudikatu: oinak bekain tartetik atera eta atzerantz goazela, burua altxatuz, energiak bekain-tartetik buru-tontorrera jauzi egiten duela irudikatu. (Tilin-talan, energia sibuan: 2 min).

  2. BAT: Ondoko sekuentzi hau errepikatu, esan nahiean murgilduz:

Bat egiten dut izaDIaz.

Bat naiz nire baitan izaTE hutsaz.

Bat, ez dago banatzerik”.

(Bat.asunaren sekuentzian, 2 min.)

  1. ON (edo OM) hitza hiru aldiz errepikatu. Soinu berezi honek lasaitu egiten gaitu, eta barnean lortu dugun goi mailako bibrazio fin hori norbere osotasunera egiten du zabaldu. Ama Lurraren bihotzean hasi eta, astiro, bizkar hezurrean gora, zeru zabalaren bihotzeraino igotzen ari den suge bizi lasai bat bezala irudikatu.

Ozenki zein isilpean. (On/om, 2 min.)


Meditatu bai, baina zertarako?

Meditatzen eseri garenean zeren bila gabiltzan ez badakigu, alper-alperrik gabiltza.

Beraz, lehenengo asmoa jarri, gerora asmatu ahal izateko. Horri, helburua beti present edukitzeari, Yoga zientziak “Samia” deitzen dio.


Yogaren helburua ZERa da: gure baitan, jabetzeko gai den ZER hortaz jabetzea.

Pentsamentuak pentsatzeaz gain, emozioak sentitu eta desioak desiratzeaz gain, ekintzak egiteaz gain, bada beste zerbait gure baitan, guzti honetaz jabetzen den zera. Horixe da hain zuzen ere Yoga-ren helburu eta esparrua: jabetzea, eta gehiago zehaztuz, gure baitan jabetzen den edo jabetzeko gai den ZER hortaz jabetzea.


(H)un “y” bertse.

Unibertsitate hitza, hemen, gure azalpenerako adierazgarriago suertatuko zaigun beste modu batean idatziko dugu: un “y” bertse. Edo agian hobe, “(H)un y bertsitate” idatzita, Iparraldean “un” erroak H hori oraindik ere atxikitzen bait du ahoskatzean. (H)un erroak euskeraz hiru esanahi behintzat baditu: 1. Denbora: instantea. “Une honetan asko dira izpiritualitateren jakin mina piztu zaienak”. 2. Espazioa: puntua, erdia. “Hirigunera joateko, errotondan ezkerretara” (une=gune). 3. Muina: bizkar hezurraren barrukoa, “Hazurren unék oso gusto ona emoten dautso saldeari”. (H)un ahoskatzean, H hori aspiratzeak, bizkar-hezurrean /unean /gunean /muinean gora egiteko gogoa pizten didala esango nuke.


ZER jabetu zerTAZ.

Linternaren irudiak ere ba du bere zer esana. Piztean, linternaren argia, fokoa alegia, litzateke jabetzen dena (gaztelerazko “la conciencia”), eta argitutakoa zertaz (“ser conSciente de...”). Horregatik zehaztu dugu goian: gauza bat da jabetutakoa, hau da, ZERtAZ jabetu, eta beste bat jabetzen dena, nor edo ZER jabetu, eta horixe da Yoga-zientziaren aztergai eta muina.


Yoga, zientzia.

Yoga-zientzia hitza erabili ohi da aditu/arituen artean, hau da, 5.000 urteotan jakituri hau ahoz-aho jaso eta praktikatu izan dutenen artean, hain zuzen ere, pertsona ezberdinek, sasoi eta egoera ezberdinetan, metodo bera praktikatuz, emaitza berberak lortzen dituztelako.

(H)un y bertse” ideiara bueltatuz, (h)un litzateke Yogari dagokiona, jabetzen den hori nire baitan, une honetan, gunean eta muinean aurkituko dudalako bakar-bakarrik eta aldi berean jabetzen den ZER horrek egingo diolako ardatz ZERbaitETAZ jabetze prozesuari; “bertse”a beste zientzi eta jakintza arlo guztiek jorratzen dutena litzateke, hau da, zertaz jabetu gaitezkenaren barruan zabaltzen den dena.


Yoga-zientziaren hiru zientzi arloak.

Yoga-zientziak hiru arlo lantzen ditu, beti ere nik neuk edandako “Sanatana Dharma” eskolako iturri den Madhava maixuaren arabera. Gehien batean bat nator “Sanatana Dharma” eskolako irakaspen eta iritziekin, batez ere, ipar-orratz gisa erabili izan ditudan azken 20 urteotako ibilbidea asko estimatzen dudalako.

3 zientzi arlo horiek honako hauek dira:

- Bide.zihorraren zientzia: non hel.burua eta eboluzio prozesua den ibil.bidea pausoz pauso aztertzen den.

- Meditazioaren zientzia: ibil.bide horretan esparru bakoitza zeharkatzeko trebatu beharrekoak, hau da, erabilgarri izango ditugun teknikak.

- Zer.bitzuaren zientzia edo “zer.bizia”rena: nola bizi, nola gauzatu egunerokoan eta garaian garaikoan, “gure baitan datzan eguzki” hori, J.A.Artze-ren metafora erabiliz, eta batez ere nire.tik gure.ra pasatzeko bidea, jabetzen den ZER horrek ez bait du “nire” eta “gure” artean mugarik ezagutzen, izaKIa eta izaDIa biak ala biak ZER berberak bizten (edo bizi.tzen) dituen bezalaxe.

Zerbitzuak berak ere gorputz edo ekin.gailuaren lantzeko beharrera garamatza, minez dagoen gorputzak murriztuta bait dauka bere ekiteko gaitasuna eta beraz besteei lagunduz GU horretan eraginkor izatekoa.


Bizitzaren jomuga.

Madhavak baditu bi galde-erantzun nire ustez bizitzan kokatzeko baliagarri direnak:

  • Zein da bizitzaren jomuga (gazteleraz“ la meta”), galdetzen du.

  • Zer.ean bete betean asmatzea, (“la realización del ser”), erantzuten du.

Eta,

  • Zer da ZER hori (“el ser”)? galdetuko du jarraian.

  • Jabetzen den hori (lekukoa), erantzungo.


Hori litzateke, beraz, bizitzearen zertarakoa: gure baitan jabetzen den hori, konturatzeko gai den eta konturatzen den barne lekuko hori esnatzea, eta muin horretan irautea, izatea, bete-betean, unean gunean, gero eta gehiagotan.


Jabe.g.une.

Bizitzaren jomuga, laburbilduz, une bakoitza jabegune bihurtzea litzateke,

uneoro nire baitan jabetzen ari den honetan bete betean kokatzea, asmatzea.

Hasiera batean “jabe.g.une” hauek, meditazio praktikak egiten eserita gaudela lortuko ditugu bakarrik, eta norbaiten laguntza (trasmisioa) beharko dugu zihur aski, irakasle batena, zehatz-mehatz zeren bila gabiltzan asmatu arte.

Hortik aurrera, meditazioa bizitzeko jarrera bihurtuko dugu, egunean 24 orduz.


Iz.pi.rientziak.

Hipotesi honen barruan, jabetzen den horretan une oro izatera iristen naizenean amaitzen da gizaki gisa bizitzeko garaia, eta beraz ber.gizatu edo re.en.karna.tu (ber.haragi.tu) beharra.

Barne esnatze prozesu hori eguneroko esperientzi (izpi.rientzi) guztiekin dago lotuta, erabat; izpi.rientzi bakoitza ZERbaiteTAZ konturatzeko, jabetzeko, ohartzeko zait baliagarri, eta horrela, behin eta berriz konturatuz, konturatzeko-jabetzeko gai den “gihar” hori ari naiz sendotzen, eta gero eta nabarmenagoa zait nire baitan badela ZERbait jabetzen dena.


Eboluzio legeak

Karma: bizi ditugun izpirientzi hoiek ez datozkigu kasu.alitatez, kausa.litatez baizik.

Baratzean bezala; uzta garaian patatak jasotzen baditugu, ereiteko garaian haziak patatak izan zirenaren seinale da, eta ez dago beste bueltarik. Berdin beldur, gorroto, maitasun edo irainekin.

Izpirientzi horiek hari.mehe batean datoz lotuta, gure arimeak banan-banan aukeratuta edo “sukaldatuta”, gu ZERbaitETAZ jabetu gaitezen, Andereño Mari Bizi-ren eskola-gimnasioan JABEtzearen “giharra” garatu dezagun.

Dharma: errekan hosto bat bota eta hostoak ez du sekulan ere errekan gora egingo, beti itsasorantz, errekako urak horrela egiten bait du munduko edozein errekatan. Dharmaren legeak zera diosku: bizitzak ere, errekako urak bezala, baduela NORAbide bat, eta norabide hori ZERa dela, JABEtzea.

Ber.gizaketa: ZERtzeko, JABEtzeko bide hori etengabekoa dela eta, guk “bizitza” esaten diogun hau, apenas dela hasierarik eta amaierarik gabeko bizitze prozesu baten kapitulu bat.


Bizi: uneka.

Dagoeneko usteldu da lehena; berde dago, ordea, etortzekoa dena. Oraina da txirimoia heldua, ahoan urtzen dena; bihar-etziko ametsetan desiratuko dudana” kantatzen dut “Txirimoia” izeneko kantuan. Eta halaxe da, amaigabeko eta etengabeko orain bat, une bat. Bizi: unean, gunean, muinean bizi gara; besteak ametsa, oroitzapena, irudikapena izan daitezke, baina ez ditugu bizi. Bizitzaren tarifazioa, uneka egiten da eta aldi berean une oro daukagu bizi berri bat hasteko aukera.

Oheratzean, egunean zehar honelako bizpairu une bete-betean bizi izan ditugunean, egun ederra, sakona, betea izan dugula sentitzen dugu, bizitzeak merezi duela.

Egun osoan atzera eta aurrera, gure pentsamendua iraganetik etorkizunera joan-etorri zoro batean ibili denean, bizitzak ez du zentzurik eta jasan gaitza egiten zaigu. Lehertuta sentitzen gara.


Gizakiaren egituraketa.

Aurrerantz egin ahal izateko ezinbestekoa dugu gure izaTEa eta izaKERA ulertzea. Horretarako urkulketa egingo dugu, artogaraunekin egiten den bezala, edo aditzak aztertzen ditugun antzera. Atalak ezberdindu egingo ditugu, baina kontutan izanda ulertzeko egiten dugula horrela, berez, bizitzan ez bait dago berezko bereizketarik.

Kanpotik barrurantz hasita, honako esparru hauek aurkituko ditugu: fisikoa, emozionala, mentala, kausala eta izpirituala.


EKIN.GAILUA, fisikoa.

Lehenengo eta behin, eta kanpotik barrurantz hasita, gorputza aurkituko dugu, fisikoa, ekin.gailua. Era arruntean mintzatzen garelarik “gorputza” esaten dioguna. Teknikoki, hau ez ezen, besteak ere “gorputzak” dira, (“kosha” sankritoz), geruzak balira bezala, ZERa, izpiritua, inguratzen duten azalak. Fisikoa litzateke azalekoena. Ekin.gailu esaten diogu, gorputz baten benetako balioa, itxuraz harago, ekiteko duen gaitasuna baita.

Ekin.gailuaren ahotsa sensazioak dira: tentsioa/nasaitasuna, mina/plazerra, hotza/beroa, gozoa/mingotsa, etab. Gorputza tentsioz josita edo minez karrazika daukagun bitartean edo, besterik gabe, hotz garenean, oso saila egingo zaigu meditatzeko beharrezko dugun barne isiltasun hori lortzea.

Hotz/bero, min/gozo... sentsazioen bitartez mintzo da.

Eta baita instintoez ere: bizi, iraun, ugaldu.


NOLA OREKATU ekin.gailua?

Luzaketa eta asanak.

Luzaketa eta asanak (jarrera edo posturak)(1) erabiliko ditugu gorputzeko tentsioak askatzeko, gure berezko bizitasun bizi-poza ekin.gailuan zehar askatasun osoz barreiatu dadin, gorputzeko azken txokoraino zabalduz.

Meditazio saioak prestatzeko, beraz, luzaketa ariketaren batzuk eta zenbait asana (postura) egingo ditugu, meditatzen dihardugun bitartean gorputza, gure arreta erakartzeko beharrik gabe, lasai egon dadin.



SENTI.DESIRA.GAILUA, emozionala.

Tentsio fisikoen jatorria ardura, beldur, samin, haserre, bekaizkeria, gorroto, zelo, erresumin, tristura eta abarretan datza; hauez gainera lagungarri eta gozagarri diren beste batzuk ere baditugu: samurtasuna, esku-zabaltasuna, eta abar. Guzti hauek emozioak dira.

Sekuentzia honako hau da: 1)pentsamendu bat pasatzen da gure buruko barne pantailan, eta halako edo holako emozioa eragingo. 2)Emozio jakin horrek dagokion desioa piztuko du. 3) Desioak ekin.gailua mugi eraziko, nahi duen hori lortu ahal izateko.


NOLA OREKATU senti.desira.gailua?

Arnasketa

Arnasketa sakonak erabiliko ditugu, amai gabeko jira sekuentzi horretan eten bat eragiteko asmoz, saski-baloiko partiduan entrenatzaileak jokua berrantolatzeko tarte bat eskatzen duen antzera. Non nahi eta nola nahi egonda ere, arnasketak pentsa.gailua honaxe etor eraziko du, ezinezkoa baita sakon arnasten ari garela beste edozer pentsatzea.

Horixe da, hain zuzen ere, meditatzeko behar duguna: pentsa.gailuaren ahots diren pentsamenduak geldi eraziz, senti-desira.gailurantzko emozio-desio sekuentzi hori geldi eraztea eta, hortaz, ekin.gailua bera ere bare eta lasai mantentzea.

Pranayama

Arnasketa motak ugariak dira eta bakoitzak eragin jakin bat dauka. Pentsamenduaren uhalak(riendak) hartzeaz gain, energia (prana) bideratzeko ere erabiliko ditugu: “energiak pentsamenduari darraikio”.

Meditatzeak dual.itatetik un.inatera salto egitearekin du zer ikusi, eta orekak perfektua behar du izan lortu nahi badugu. Adibidez, meditatzeko ezin bestekoa da gorputzaren eskuin/ezker bi aldeen arteko oreka bilatzea, pila baten bi poloen antzera, desorekak energia batetik bestera mugi erazten duelako. BInariotik BATasunera.



PENTSA.GAILUA, mentala.

4 dira dituen departamentuak: 1)Oroimena, 2)Adimena, 3)Irudimena, 4)Fantasia. Oroimenak iraganarekin du zer ikusi, 2) Adimenak orainarekin; heltzen zaion informazioa aztertu egiten du, datu-basean daukanarekin konparatu eta iritzi edo arrazoi bat ematen du. 3) eta 4) etorkizunarekin dute zer ikusi; bata benetazkoa, Irudimena eta bestea faltsua, Fantasia.


NOLA BARETU pentsa.gailua?

Pentsa.gailua baretu bai baina ezin da gelditu, ez da gelditu behar. Pentsamentu jakin bat aukeratuko dugu: arnasa,mantra, bekain-tartea, bihotzeko eguzkia, harrikoa egiten ari banaiz eskuan daukadan edalontzia,...

Arreta piztuz: orain eta hemen. Zertan ari naizen, horretan jarri arreta, konzentrazio guztia.

Bekain-tarteko begirada.

Begia eta pentsa.gailua guztiz daude lotuta; pentsamentu bakoitzak begi mugimentu bat dakar. Aldi berean, begirada nonbaiten pausatuz gero, pentsamendua bera ere geldi legoke. Hau garbi senti dezakegu oreka ariketak egiten ditugunean.


Oreka ariketa.

A. Begiak irekita.

  1. Zutik, behats puntetan jarri eta oreka mantentzen saiatu.

Zenbat energi gelditzen zait, oreka mantentzeaz gain?

  1. Atsamar bat paretan pausatu; nahiko da oreka erabat mantentzeko eta aurrekoan oreka mantentzeko erabili izan dudan energi pilo hori eskuratzeko.

  2. Begirada pausatu paretan, atsamarra pausatzeko ordez, geldi dagoen punturen batean. Begiak geldi eta tinko dauden bitartean ez naiz eroriko.

B. Begiak itxita.

      1. eta 2. berdin. 3. Begirada bekain-tartean pausatu.



(h)ARI.MEHEA edo Nor-tasuna

Azal honi gorputz kausa.la ere deitzen zaio. Begi bistakoa da denak ez gatozela berdin mundu honetara. Genetikoa dela, ingurua dela, beste bizitza batzuk izan ditugula,... kontua da oso izpirientzi ezberdinak bizi ditugula. Baliteke loteria bat izatea, kasua.litatez gertatzea, baina hemen kausa.litatearen hipotesia planteatzen dugu: izpirientzi horiek badutela lotura, batzuk besteekin; karmaz ari ginenean esaten genuen bezelaxe, baratzeko adibidea erabiliz, batzuk besteen ondorio direla. Eta bata bestearekin lotzen duen “hari mehe” horri nortasuna ere deitzen diogu. Ildo beretik, bokazioa (h)arime(he)aren ahotsa litzateke eta intuizioa ere.



IZPI.RITUA, izaKIa.

Aurreko guzti hauen atzean, edo azpian, edo barruan, izpiritua. IzaDIaren parte den izaKIa. Argien adibidea jarriz, lanparak izan daitezke ezberdinak: bata fluoreszentea, bestea alogenoa, bestea inkandeszentea, etab. baina pizten dituen korrontea, argi indarra berbera da denetan. Gizakiongan ere berdin; nortasunak izanda ere, bizirik iraun arazten gaituen indarra berbera da, eta horrexeri deitzen diogu hain zuzen izpiritua.

.GAILU familia.

.GAILU familiako izen hauek neronek asmatutakoak dira, apropos, guk erabiltzen dugun zerbait direla adieraztearren, abiapuntuan berauekin oso identifikatuta gaudelako, eta hauxe besterik ez garela iruditzen zaigulako. Besterik egon daitekeenik ere ez dugu asmatzen, horretan hasi arte.


IzaTE hutsa eta izaKERA.

Teknikoki badira sanskrito hizkuntzan izendatzen diren buddhi, atman eta hainbat eta hainbat zehaztasun gehiago ere Yoga zientzian baina, ez gara hain ur sakonetan sartuko eta nortasun edo ari-mehe horretatik gorako “hirutasun izpirituala” deritzon horri guk izpiritua deituko diogu, 7 urratsetako sailkapena 5etan laburbilduz.

Izpiritua litzateke izaTE hutsa, eta hortik beherakoak izaKERA, pertsonalitatea, formarekin zerikusi dutenak.


Taza HUTSetik, kafe HUTSera.

Baina gugan iraunkorra dena ez da izaKERA, eten gabe aldatzen ari dena, izaTE hutsa baizik, eta horixe hain zuzen, meditazioaren tresna erabiliz atzeman nai duguna.

Izate HUTSA diodanean, “puru” zentzuan diot. Oteizak esan ohi zuen bezala:

ezer ez den hutsetik abiatuz, dena den hutsera heltzeko” (“partiendo de un vacío que no es nada, para llegar a un vacío que lo es todo”).


SAT-CHITT-ANANDA

Hauexek lirateke bai izaKIa eta bai izaDIa diren izaTE hutsaren ezaugarriak.

Txikitan eskolan, eguzkiak: argitasuna, berotasuna eta indarra ematen zigula ikasten genuen, eta irudi hau oso aproposa da izate huts horren ezaugarriak ulertzeko.

SAT bizitasuna litzateke, indarra.

CHITT jabetasuna, jabetzeko, ohartzeko gaitasuna, kontzientzia, argitasuna.

ANANDA zoriontasuna, gozotasuna, berotasuna.


Tximinia eta plomada.

Tximiniak, tiro ona izateko, ez du bihurgunerik eduki behar, zuzen eta artez behar du. ZERak ere berdin;. “Gure baitan datzan eguzkiak”, bizitasunak, berotasunak eta indarrak, ekintzetan gauzatzera iristeko, bide zuzena egin behar du, ala “bihurguneetan” egingo da galdu.

Gehienetan izaten da horrela; zoriontsu izateko eduki beharreko guztiak baditugula, baina korapilatuta sarri askotan, eta orekatu eta ordenatu egin behar. Intuizio bidez ideia bat jasotzen dugu, baina pentsagailua buelta-bueltaka hasten da... senti.desiragailuak ez dauka gogorik eta ekingailua alpertuta dago, eta beraz, azkenean ideia bidean galtzen da, gauzatzera iritsi gabe.

Esparru edo azal hauek, lehenengo banan-banan orekatu eta gero beraien artean arteztu behar ditugu, tximiniarekin bezala.

Aipatu ditugun azalak beraien artean artezteko, plomada jarriko dugu, baina ez edonon, muinean baino, erdigunean, ardatzean, iz.pirituan, izate hutsean, izadiaren parte den nire baitako izakian.


Nola BATu?

Lehertuta, sakabanatuta sentitzen dugun hau nola BAT egin?

Meditazioaren zientziak ematen dizkigu “UNitzeko” tresnak.

Asanak

ATSEGINAREN ETA AHALEGINAREN ARTEKO OREKA GUNEAN,

Arnasketak

ARNASA SAKON HARTU ETA ASTIRO BOTA, BARRUA ZABALDUZ,

Pranayama

ENERGIA BIDERATUZ,

Lasaiketa

GORPUTZA GERO ETA ASTUNAGO PAUSATUZ,

EMOZIO TA DESIOAK OREKATUTA,

ARRETA PENTSAMENTU BAKAR BATEAN JARRITA,...

JABETZEN DEN HORI ASKE GELDITU DADIN,

Meditazioa

ZERa ZERaz JABETU DADIN.


Laburbilduz.

Batetik badakigu jo-muga bat badagoela; bizitzea ez dela edonondik edonora ibiltzea, baizik eta, errekako urak bezala, nora jo badugula, gure baitako izaKIra.

Eta bestetik, jo-mugara heltzeko zeharkatu beharreko esparruak zeintzuk diren

(aldi berean bide hori egiteko bizitzan dauzkagun ibilgailu direnak): (h)ari mehea, pentsa.gailua, senti.desira.gailua eta ekin.gailua.

Badakigu baita ere, bakoitza orekatu eta zeharkatzeko tresnak zeintzuk diren.

Beraz egunero praktikatzea besterik ez zaigu gelditzen.


Pravriti eta Nivriti.

Barneratzea eta kanporatzea.

Hemen kontua bikoitza da.

Eta, hara zer gauza bitxia, euskeraz jabetze hitzak bi zentzu horiek izatea:

-barnerantz, zerbaitetaz jabetu, ohartu zentzuan eta

-kanporantz, zerbaiti jabetasuna eman, zerbaiten jabe egin zentzuan.

Meditazioa egitean barrura goaz, gure baitan jabetzen den hontara, eta honako ardatz honetan errotu, gozatu eta elikatu ondoren, kanpora, geure inguruari jabetasuna ematera; hartu eta zabaldu.

Dagokion inguru hori noraino heltzen den bakoitzak daki, norbere beharretatik hasi, eta izadi osoraino zabal daitekeen esparrua bait da.


Jakinduriaren gakoa, ipuina.

Behin joan omen zen ikasle bat maixu haundi bat bizi zen jauregira eta jakituriaren gakoa zein ote zen galdetu omen zion. Geroxeago erantzungo ziola eta bitartean jauregiko lorategi ederrean paseatzera joateko esan omen zion, eta baita, goilaratxo bat emanez, han zeramatzan olio-tantak ez isurtzeko gomendioa eman ere.

Joan zen bada ikaslea eta han dator bueltan, goilaratxo ta guzti, erne, olio-tantak ez isurtzeaz arro. Maisuak (ala maistra ote zen? Igual dio) non galdetzen dion, “ikusi al duzu lorategiaren ederra?”, eta ikasleak erantzun: “ez ba, erne ni olio-tantei; horiek uste nuen nik zirela garrantzizkoak”. Eta irakasleak erantzun: “hortxe daukazu jakituriaren gakoa: barneko olio-tantei erne kontu eginez, biziak kanpoan eskaintzen dizkizun edertasun guztiez gozatzean datza”.


Su-garra

Ipuinean olio-tantak esan ditugun moduan, su-garra ere esan genezakeen.

Etengabe eta beti gorako diz-diz horretan, gure barne bizitasun hori oso ondo iz.ladatzen duelako.


Eman eta zabalduko dut.

Zerbitzua aipatzen da, eboluzioa den bidezihor horretan aurreratzeko “atajo” bezala.

Jarrera honetatik abiatzen denak, meditatzean “eman eta zabalduko dut” esango dio izate hutsa den biziari.


KONZIENTZIAren zientzia.

Ez zaizu ba askorik igartzen Yoga egiten duzunik” entzun izan dut urduri edo hasarre egon naizenen baten. Asko daude oker Yogaren helburuarekin eta gu geu ere despistatu egiten gara sarri askotan. Uste dute, eta dugu agian, Yoga Lasaitzearen zientzia dela, edo Kontorsionismoarena, edo Osasun perfekoarena, edo Orekarena, edo... Baina ez, Yoga ez da hori, nahiz eta guzti horiek Yoga pratikatzeak ekarriko dizkigun ondorio edo “efekto sekundario”ak izan. Yoga Jabetzearen zientzia da, konzientziarena.


Yoga TEKNIKAK: konzientzia suspertzeko teknikak.

Beraz Yoga “egitera” doanean ariketa fisiko suabe bat egingo duela pentsatzen duenak, guztiz oker ez badago ere, ez du bidearen hasiera besterik ikusten, “iceberg”aren punta. Benetazko helburua ez du oraindik asmatu, konzientzia suspertzea: nire baitan jabetzen den hori esnaraztea. Bestalde, Yogak argi ikusten du, izpirituaren, konzientziaren bide hori gorputz fisikotik (ekin-gailutik) abiatuta egin behar dela.


ZERK mantentzen du kanpoa?

Gure planetak, grabetatearen legea dela merio, bere orbita barruan dagoen oro erakartzen du bere magalerantz, lurraren bihotza den erdigune sutsurantz.

Ni naizen energi kanpo honek, izaki honek, muinean zera du: jabetzeko gai den zera. Eta ZER horrek erakartzen ditu ni fisiko, emozional eta mental osatzen nauen guzti hau.

Heriotzeko unerarte. Herio.tzean, izakia aldendu egingo da, erakarpena eten egingo da, eta lehen nire izakera osatzen zuten energi partikula guzti horiek sakabanatu egingo dira, “hauts” bihurtuz.


Yaveh-tu

Hitz jokoa erabiliz: jabe-tu, gero eta Yaveh-ago izan, eta hobe esanda, Yaveh naizenaz jabetu gero eta gehiago.


Meditazioari GOGOeta deitzen diogunean.

Gogo hitzak euskeraz hainbat esan nahi ditu.

  1. Ekin-gailuan kokatu dezakeguna: “Gogo txarra daukat eta ohera noa”.

  2. Senti-desia.gailuarena zera litzateke: “Ez daukat gaur horretarako gogorik”.

  3. Pentsa.gailuari dagokiona: “Gogoan daukat lehengo baten esaten zenidana baina ez ditut hitzak zehatz-mehatz gogoratzen”.

  4. Hari.mehea izan zitekeena: “Egin ezazu gogoak ematen dizuna”.

Yogaz ari garenean eta teknikoki, meditatzea ez da pentsatzea. Meditazioa eta gogoeta. Pentsamentuari eragiten jardutea ez da behintzt; gogoaren iturburura, jatorrira jotzea litzateke, izatekotan; gogoa sortuko den huts bete horretan kokatzea.


Haurrak eta izpiritualitatea.

Ezagutu, ezagutzen dut emakume bat, bere 7 eta 9 urtetako seme-alabek egunean ordu betez meditatzeko ohitura dutena.

Horrenbesteraino ez naiz iritsi, agian ez zaidalako egokitu edo agian meditatzeko bizitzako izperientzietan heldutasun bat behar dela deritzotelako (eta baliteke oker egotea, edo baita ere, denok puntu berberan ez egotearen ondorio izatea).


Zer da inportanteena: Kon.tu.ra.tze.a”,

Gurean, haurrei, etxeko zapatilak lekuz kanpo aurkitzen ditudan bokoitzean, zera esaten diet: -“Zer da inportanteena bizitza honetan?

Honez gero, beraiek erantzuten didate, hortz tartean bada ere: -“Kon.tu.ra.tze.a”, mila aldiz entzun didatelako.

Haunditutakoan apropos ereindako hazi horrek mugarri egingo duen esperantzan...



Izpirituari leiho bat zabaldu.

Garai batean gure herrian, beste inor ez zegoela eta, kristau dotrina irakasteari ekin nion. Bikote ezkonberriek, oraindik umerik izan ez arren, agian sortuko den seme-alaba hipotetikoarentzat, gela bat aurrikusten duten bezala, nik ere beharrezko deritzot haurrengan espazio hori zabaltzea. Ez herriko haurren burua, semea tartean nuela, hasiera batetik kontzeptuz betetzeko asmoz, ez; bizi ahala, erne eta garatuko den izpi.ritual.tasunari iz.pazioa irekitzeko baizik. Gerora itxi ala hazten utzi, norberarena izango da aukera. Leihotik begira jarri eta galdetu egiten nien: non egiten dira zuhaitzak, fabriketan? Eta erreka, zeinek egin du? Eta hodeiak eta belarra? Galdera utzi nahi nien, indiabak ereiteko potxingoa prestatzen dugun moduan.


Yoga eta HERRIgintza

Geure buruen jabe. Herri bezala ez dugu jakin izan beste modu batean bizitzen. Orain arte horrela izan da: “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak / borroka horretan iraungo duten zuhaitz ardaska gazteak”. Baina baliteke hori ere aldatzea, epeltzea eta galtzea. Banan-banakako bizitzan beste zerbait ari gara ikusten, lan kontuetan adibidez. Lehen lanean norbere buruaren jabe izatea helburu zen moduan, orain gauzak aldatu egin dira eta denok ari gara morrontza nahietan, zein baino zeinek soldatapeko hobea harrapatuko. Eta horrek, gerora, zerbait badakar, menpeko mentalitate bat, bai YOGAtik eta bai JABEtik urruntzen gaituena. Horixe litzateke gure herriaren amaiera, beste herri askorekin gertatu den antzera, eta Gaia ama lurrarentzat ere galera haundi bat, esperantza izpi baten itzaltzea.

Berria” egunkariko hemerotekan badira bi artikulu Yoga eta herrigintza lotzen dituztenak. Zenbat eta norbere buruaren jabe diren herritar gehiago izan, errezago izango du herriak burujabetasuna lortzea.


Mundutik ihesi?

Zeinek esan du geure zilborrei begira geundela? Ala agian geu gara horren beldur barne lanetan zeratzen garenean, ez ote gauden munduaren min, gatazka eta erantzukizunei ihes egiten. Eraginkor izateko zuzen eta artez ibili behar, plomada ondo jarrita. Gure ekarpenak ez du egun bateko izan behar, edo urte batzutako... betiko izan behar du. Erre nahi ez badugu, zimeldu nahi ez badugu, barne muinean sustraitu beharra daukagu, euri zein lehor, ur sakon gardenetan edan ahal izateko. Bada gure baitan zerbait betidanik eta betiko dena, betiro,

eta hortxe dugu kokatu behar, denboratik eta espaziotik at, eta aldi berean muin, den ZER horretan. Eskularruak bait liran, NI eta GU batera janzten eta bizitzen dituen horretan.


Jabe.TZEN den herria.

Zer.bizioa duen! Betidanik izan du Euskal Herriak laguntzeko joera: bere buruen jabe izaten jarraitu nahi dutenekin elkar lanean. Hor ditugu misiolariak eta, aspaldiko partez, Cuba, Nicaragua, Palestina, Txiapas(Mexico), Sahara, Chernobil...-en aldeko hainbat elkarte ere.


100gn. tximinoa

Bada teoria bat, esparru morfikoena, esaten duena 99 tximinok gauza berbera egiten ikasten dutenean, 100garrenak eta hortik aurrerako guztiek berez egiten dutela.

Gurera aplikatuz, kontua litzateke, beraien baitan jabetzen den hortaz jabetzen diren 99 euskaldunetara iristean, berez jabetuko liratekeela beste guztiak ere. Txantxetan gabiltzala ematen badu ere, ez gara oso urruti ibiliko, asko eta asko bait dira azken 30 urteotan Euskal Herrian Yogatik abiatuz meditatzen hasi direnak.

IZ.IL.ean pIZten ari den iraultza IZPI berria.

Esportatu ere, hainbat Yoga-meditazio irakasle prestatu eta esportatu ditu Euskal Herriak urteotan.


Meditazioa eta ama Lurra.

Meditatzean izakia eta izadia lotzen dituen barne izate horretan murgiltzen gara.

Hauxe da aro berriko alfabetizazioa, benetazko Internet sare ekologiko eta naturala, ama Lurraren baitako izakiarekin konektatzen gaituena. Bihar etziko telepatia, izadi osoko izaki-herriak elkar harremanetan jartzen dituena.


Bibliografia:

-Roman Agirre: “Yoga eta Erlajazioa, fitxa liburua”.

-André van Lysebeth: “Aprendo Yoga”, “Perfecciono mi Yoga”, “Mi sesión de Yoga”, “Pranayama”, “Tantra, el culto de la femineidad”. Urano argitaletetxea.

-Madhava (Manuel Paz Makazaga): “Psikologia Yogikoa”, “Curso de Meditación”.


Hemen aldizkariak argitaratutako artikulua.

No hay comentarios: